XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zona abisala

Biologiaren ikuspegitik, zona abisala, plataforma kontinentala 200 edo 300 m-ra jaisten den lekuan hasten dela esaten da.

Hor amaitzen da landare-bizitza, ezen eguzkia ezin baita sartu sakonera hori baino beherago eta ondorioz animaliek arazoak izaten dituzte elikagaia aurkitzeko.

Baina benetako zona abisala, benetako itsaso sakona, 2.000 m-tik behera hasten dela esan daiteke.

Ezponda kontinentalaren azpitik, 4.000 eta 6.000 m-ko sakoneren artean, lautada abisala hedatzen da.

Oro har lau samarra bada ere, egundoko urpeko gailur eta mendikatea aldapatsuak ditu.

Leku batzuetan, guyot izeneko mendi batzuk azaltzen dira, konoenbor antzekoak eta jatorri bolkanikokoak.

Itsasgune hauetan aurkitzen dira halaber V erako hobi abisalak.

Hauek batzuetan 10.000 m-ko sakonerak ere gainditzen dituzte.

Itsas sakonerarik handienak, Ozeano Barean dauden hobietan aurkitu dira eta gehienak lehorretik oso hurbil daude gainera.

Aipatzekoak dira Challenger, Mariana irletako hobian (11.035 m), Tonga irletako hobia (10.882 m), Ramapo, Japoniako hobian (10.542 m) eta Emden, Filipinetako hobian.

Habitat hauetan, animali bizitza berezia dago, baina ez dago landarerik.

Eremu abisalen hondoa, itsas gainetik hondoratutako animalia eta landare hilen hondakin organikoak dituen lohiaz estalia dago.

Lohi horrek, elikagai-eduki eskasa du eta bertan bizi diren animalia urriek, elkarrekiko menpekotasuna dute.

Arrain harrapariei zail egiten zaie iluntasun gutxi populatu horretan elikagairik aurkitzea, baina lortzen dutenean, haien hortzei ez die harrapakinak erraz ihes egiten.

Filmeetan, arrain abisal hauek, munstro-itxura izan ohi dute; benetan, ordea, oso bestelakoak dira.

Izan ere, nekez gainditzen baitute hamar zentimetroko luzera.

Sakonera dela bide, urak eragiten dien presio handiak, giro horretara egokitzeko prestakuntza berezia eskatzen die eremu horietan bizi diren izakiei.

Arrain abisal gehienek, beren argi propioa sortzen dute; batzuek, bakterio fosforeszentez estalia dute gorputza eta beste batzuek, aldiz, organo argi-igorle bereziak dituzte.

Espezie batzuk gainera, soinu-seinaleak igorri eta hartzeko gaitasunez hornituak daude eta horren helburu nagusia ernalketarako parekatzea da.

Garai batean, eremu abisala zeharo despopulatua zegoela pentsatu zen, baina Atlantikoko lehenengo itsaspeko kablea itsas azalera atera zenean, animaliaz beteta zegoela egiaztatu zen eta gainera beraietako asko ezezagunak ziren ordurarte.

Bata bestearen atzetik egindako espedizio desberdinek, itsas hondoa dragatu egin zuten, laginak jaso eta horrela habitat hori hobeto aztertu ahal izateko.

Gaur egun, zientzilariak, urpeko untzietan (batiskafo, batisfera eta gisako beste batzuetan) jaisten dira eremu abisaletara eta untzi hauek ere apurka-apurka hobetuz joan dira, hain berezia den mundu hori zuzen-zuzenean behatu eta aztertzeko.